XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zutitu eta Geraldi begiratu nion.

Gerald lotan ari zen, hatz erakuslea ahora sartuta.

Burusia haren ondoan zorura jaurtita zegoen.

Hildegardi begiratu nion.

Nire ondoan bazterrean zegoen.

Ezin nuen haren aurpegia ikusi, sotoko argia ez zen haraino iristen eta.

- Lotan zaude, Hildegard? - galdetu nion.

- Beldur naiz! - xuxurlatu zuen Hildegardek.

- Errusiarren beldur?

- Arratoien beldur.

- Badago hemen arratoirik?

- Ez dakit - esan zuen Hildegardek -.

Duela bi urte, udaz hemen izan ginenean, asko zeuden.

Tranpak jarri genizkien, baina ez genuen bat ere harrapatu.

Jaiki eta ate-zulo gaineko kandela hartu nuen.

Koltxoi bien artean jarri nuen.

Horrela Hildegarden aurpegia eta eskuetariko bat ikus nitzakeen.

Eskuan zeharo kolore arrosa zuen zerbait zeukan.

- Zer daukazu hor? - galdetu nion.

- Beti lo egiten dut hau eskuan daukadala - esan zuen Hildegardek.

Kolore arrosako gauza hura eman zidan.

Feldroz egindako panpina txikitxo bat zen.

Ziltzat puntu gorriz brodatutako puntutxo bat zeukan.

- Burua erori egin zaio - esan nuen nik.

- Ez zaio erori.

Ez du inoiz izan bururik - xuxurlatu zuen Hildegardek.

Panpina arrosa behatu nuen.

Zangoetariko bat bestea baino luzeago eta lodiagoa zen.

Besoak gorputz karratuaren alderdi bietatik zuzen ateratzen zitzaizkion.

- Zuk zeuk egin duzu? - jakin nahi izan nuen.

Hildegardek buruari eragin zion.

- Nire amak egin du.

Egiteko zailena burua denez gero, azkenerako utzi nahi izan zuen, baina orduan nire aitak hegazkin istripua izan zuela eta hil egin zela esaten zigun telegrama iritsi zitzaigun.

Ondoren ez zuen jarraitu panpina egiten.

Hildegardi eman nion berriro ere kolore arrosa zuen gauza hura.